Fernando Sasiain: Donostiako alkate errepublikanoa
Espainiako Bigarren Errepublikak iraun zuen urtetan Donostiak alkate bakarra izan zuen: Fernando Sasiain (Donostia, 1894-Palencia, 1957). Sasiain ideologia errepublikanoarekin erabat konprometitutako gizona izan zen eta pentsamendu aurrerakoi horri esker Gipuzkoako hiriburuan kultura-politika indartu zuen. Familia errepublikazale batean jaioa, Valladolideko Unibertsitatean zuzenbide ikasketak burutu zituen 1918an. Haren benetako bokazioa, ordea, politika zen eta mundu horretan sartu zen buru-belarri. 1920an, gutxiengo errepublikanoaren eskutik, zinegotzi akta eskuratu zuen. Alabaina, Primo de Ribera jeneralak emandako estatu kolpearekin bukatu zen abentura hori: demokratikoki aukeratutako zinegotzi guztiak udaletxetik kanporatuak izan ziren.
1930eko martxoan Donostiako Batasun Errepublikanoaren presidente aukeratua izan zen. Horri esker Donostiako Itunaren ekimena gertutik bizi izan zuen, Indalecio Prietorekin batera bertan egon ziren euskal ordezkari bakarrak izanik. Ituna 1930eko abuztuaren 17an sinatu zen. Bigarren Errepublikaren aldarrikapenarekin, Sasiain Udalera itzuli zen, oraingoan alkate moduan. Sasianen agintaldian Donostian lan publiko ugari burutu ziren. Horien artean, kulturaren ikuspuntutik, garrantzi berezia izan zuten bi aipatuko ditugu: San Telmo Museoa martxan jartzea eta Miramar Jauregia hiriaren eskuetara itzultzea. Politikoki, bestetik, euskal estatutua sortzeko prozesuan ere lan aktiboa egin zuen.
1936ko kolpe militarraren ondoren, armen indarraren aurrean, Sasiainen protagonismoa bigarren mailan gelditu zen. Erreketeek Donostia okupatu ondoren atzera egin zuen eta Bizkaia galdu ondoren, 1937an, Euskal Gobernuarekin Bartzelonara joan zen. Behin Bartzelona erori eta gero, Lapurdin hamaika urtez erbesteratu zen. Iparraldeko urteak ez ziren lasaiak izan. Frankistek ez zioten barkatzen demokrazian jokatu zuen papera eta naziei behin baino gehiagotan hegoaldera itzultzeko eskatu zieten. 1941n naziek atxilotu eta Baionan espetxeratu zuten, baina ondoren libre gelditu zen. Frankistek berriro ere haren estradizioa eskatu zuten baina orduan militar alemaniar baten filtrazioari esker libratu zen.
Sasiainek askatasuna garesti ordaindu zuen. Depresio larrien ondorioz, bere buruaz beste egiten saiatu zen. 1949ko abenduan, haren egoera gero eta okerragoa zenez, urte horretan frankistek kaleratutako sasi-amnistiaren dekretua onartu zuen eta Donostiara itzuli zen. Haren egoera larriari esker, frankistek ez zuten atxilotu eta bere arreben etxera joaten utzi zioten. Egun gutxi barru Donostiako Psikiatrikoan sartu zuten. Hala ere, Epaitegi Militarrak aldian-aldian bere egoerari buruzko informazioa eskatzen jarraitu zuen. 1950eko abenduan alta eman zioten eta, berehala, militarren aurrean aurkeztera behartu zuten. Dena dela, intelektual donostiarraren osasun psikologikoa erabat kaltetuta zegoen. Sasianen familia ekonomikoki erabat hondatuta zegoenez, Gipuzkoako Aldundiak politikari ohiarentzat leku bat topatu zuen Palenciako (Espainia) San Juan de Dios ospitalean eta han ingresatu zuten 1951eko apirilaren 30ean. Palencia izan zen haren azken bizilekua. 1957ko azaroaren 15ean Palencian hil zen, hainbeste maitatu eta defendatu zuen hiritik urrun.
Xabier Urmeneta