Euskal Erbesteen Kultura – La Cultura de los Exilios Vascos

Fernández de la Sotak Juan Larrearen biografia plazaratu du

By on 2015/01/25 in Albisteak

Juan Larrea

Jose Fernández de la Sota (Bilbao, 1960) idazle bilbotarrak Juan Larrearen biografiaren edizio osatua kaleratu du. Zehaztasun honek badu bere garrantzia: 2009an de la Sotak liburu honen lehenengo bertsioa argitaratu zuen. Orduan, bildumaren edizioaren betebeharrak zirela eta, testua moztuta atera behar izan zuen. Sei urte geroago berri pozgarria da, benetan, testuaren edizio osatua eskuratzea. Eta hori ez da tontakeria bat, inola ere ez.

Hasteko, Jose Fernández de la Sota gure poeta garaikideen artean garrantzitsuenetariko bat da. Aipa daitezke, honen adierazgarri gisa, orain arte irabazi dituen bi Euskadi Sariak, 1998an eta 2010ean. Poesiatik at, de la Sotak saiakera eta kazetaritza ere landu ditu; azken esparru honetan ETBko dokumental sail batean, “Capital Cultural” alegia. Zoritxarrez, zaila da poesia best-sellers zerrendetan agertzea eta hiritar arruntek ez dute gure idazlearen garrantzia ezagutzen.

Eta egileak badu bere garrantzia, baina zer esanik ez biografia honen protagonistak. Juan Larrea (Bilbo, 1895 – Córdoba (Argentina), 1980) sailkaezin, ameslari, konplexu eta, modu batez, madarikatua izan da, bere sorterrian bereziki. Jose Fernández de la Sotaren hitzetan XX. mendeak eman duen egile sailkaezinena eta enigmatikoena izan da Larrea. Hura zen 27. belaunaldiko arraroena, frantsesez idazten zuen poeta bat, beste poeta hispaniar askorengan eragin zuzena izan zuena. Eta hori guztia gutxi izango balitz, surrealismo espainiarraren aita bezala aipatua izan da; gainera, arkeologo, Ameriketako Kolonaurreko artean aditua, arte eta literatur kritikoa, aldizkarien sortzailea… Azken finean, Larrea erbeste errepublikanoaren intelektual handienetariko bat izan zen.

Orain kaleratutako biografia modu literarioan idatzita dago. Orainaldian kontatuta, modu batez, gertaerak gure begien aurretik igarotzen dira. Liburu honetan de la Sotak prosa poetikoaren erabilpen ederra egin du, aldi berean oinarri dokumental sakonak aztertuz. Estiloari dagokionez, bestalde, ironia zein mingostasuna nabarmentzen dira, ziur aski egileak erabat baztertuta dagoen gure autore handi bat deskubritu duelako. Jose Fernández de la Sotak berak dioenez: “2014. urte honetan ez dago Larreari eskainitako kalerik, poesia saririk, kultu-gunerik”. Bazegoen, antza, Bilboko eraikin batean oroitzapenezko plaka bat; etxearen fatxada berritu zuten eta plaka desagertu egin zen.

Liburuaren datuak:

José Fernández de la Sota: ”Juan Larrea (El hombre al que perseguían las palomas)”. Gallo Negro bilduma. Bilbo: El Gallo de Oro argitaletxea, 2014. 441 or. ISBN: 978-84-942445-8-2.

Jose Ramon Zabala

Harpidetu

Artikulu hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita.

Igo