Euskal Erbesteen Kultura – La Cultura de los Exilios Vascos

Erbesteko zientzialariak

By on 2019/03/23 in Albisteak, Liburuak

2017an gure elkarteak Erbesteko zientziari buruzko nazioarteko batzarra antolatu zuen, gure taldeak antolatzen zuen hamabosgarrena.  Helburua sarritan baztertuak izan diren ikerketa aldeak berreskuratzea zen, alboratuta izan diren pertsonalitate handien lanak eta biografiak balioan jartzea eta gizarteratzea. Proiektua abiatzeko oztopo handi bat genuen: taldeko partaide gehienok ez dugu zientzia alorreko formakuntza sakona eta hori zen, alegia, gure beldur nagusia: gaiak eskatzen zuen mailan ez egotea.

Zorionez, proiektua azaldu genuenean, berehala hasi ginen erantzunak jasotzen. Erantzun horien artean Jose Maria Bengoa mediku handiaren familiarena egon zen. Horregatik ere, ez da ustegabekoa medikuntza izatea liburuaren atal garrantzitsuena. Bengoatarrekin batera, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Fakultateko irakasleen laguntza izan genuen eta, bestetik, Kataluniako eta Valentziako espezialisten esku zabaltasuna ezagutzeko aukera handia izan genuen. Bitxia bada ere, arazo handiena euskal hiritarrak ziren zientzialarien eta emakume zientzialarien espezialistak aurkitzea izan zen; horrek oso garbi erakusten zuen eta erakusten du bi esparru horiek gutxi landuak direla gure artean.

Batzar haren ondorioak, azkenik, plazaratzea lortu dugu. Horretan Gipuzkoako Foru Aldundiaren ezinbesteko laguntza izan dugu eta egindako guztia hemendik eskertu behar diegu. Zoritxarrez liburuan ez daude egun haietan aurkeztu ziren ponentzia guztiak baina bai, gure ustez, adierazgarrienak. Ekimen honen bidez Dorotea Barnés, Francisco Guerra, Justo Garate, Antonio Chamorro, Vicenta Llorente, Agricia de Quintana, Mariano Doporto, Ricardo Vinós eta beste askoren lana plazaratu dugu. Badira ere zeharlerrokoak diren gaiak, esaterako emakume zientzialariei eskani diegun kapitulu luzea edo Kuban erbesteratu ziren zientzialarien ikerketa; azken hau Victoria Sueiro taldekidearen hil ondoren argitaratu den lana dugu.

Liburu honekin gure talderako benetako abentura izan den proiektu bat amaitzen da baina, jakin badakigu, gaia ez dela bukatu: izen asko, berreskuratzeko lan zientifiko asko gelditu dira bazterrean. Zentzu horretan pentsatu nahi dugu hau lehenengo urrats bat izan dela eta etorkizun hurbilean beste antzeko ekimenak ezagutuko ditugula. Eskerrik asko bidean lagundu diguten guztiei!

 

Liburuaren datuak:

*Mari Karmen Gil Fombellida eta Jose Ramon Zabala Agirre koordinatzaileak: Científicos y científicas en el exilio de 1936-1939. Zientzialariak 1936-1939ko erbestealdian. Donostia: Hamaika Bide Elkartea, 2018. ISBN: 978-84-09-08521-7. 543 or. 

Aurkibidea-Índice                                                     Vicenta LLorente eta Elvira Mingo 1972an.

 

 

Harpidetu

Artikulu hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita.

Igo