Winnipeg itsasontziaren zeharkaldia
Estatu osoko 2.000 errefuxiatu baino gehiago abiatu ziren 1939ko abuztuaren 4an Txilera, Winnipeg kargaontzi frantsesean. Zeharkaldia (Pauillac, Frantzia – Valparaiso, Txile) Espainiako Errefuxiatuen Ebakuazio Zerbitzuak antolaketarekin egin zen, Pablo Neruda idazlearen laguntzaz. Neruda, Txileko kontsul berezia Parisen, Errepublikaren defendatzaile intelektual handienetako bat izan zen.
Aurretik Amerikara milaka pertsona eraman zituzten beste itsasontzi batzuk izan ziren. Haietan bezala, Winnipegen egunkari batzuk idatzi ziren. Hauek horma-kazetaritza gisa, bidaiaren barruan itsasontziko bizitzaren alderdien berri ematen zuten, baita nazioartean bizitzen ari ziren unearen berri ere: II. Mundu Gerraren hasierako egoera. Egunkari horiek, beraz, interes handia dute faxismoaren ihesaldian zegoen kolektibo haren intrahistoria, historia txikia, ezagutzeko.
Egunkari horietako gehienak Iosu Chueca irakasleak argitaratu ditu, Intxorta 1937 elkartearen babesarekin. Album ilustratu bat da, testu horien faksimileak eta transkribatutako bertsioak biltzen dituena, azken hauek irakurketa erosoago egiteko.
Itsasontziko pasartean jatorri eta ideologia desberdineko pertsonak zeuden. Jakina, euskal presentzia ere handia izan zen. Hori baieztatzeko, liburu honetan jasotzen diren bidaiarien zerrendak ikus daitezke besterik gabe. Pertsona horien artean, Asunción Amilibia Matxinbarrena donostiarra nabarmendu dezakegu, Diario de la nostalgia (Txalaparta, 2006, ISBN 9788481364620) liburuaren egilea. Euskaldunen artean ere Ramon Muguruza musikari hernaniarra aipa dezakegu.
Bibliografia
2.000 del «Winnipeg. Diario de a bordo. Josu Chueca Intxustaren edizioa. Oñati: Intxorta 1937 Kultura Elkartea, 2021.