Euskal Erbesteen Kultura – La Cultura de los Exilios Vascos

Agirreren urratsen atzetik

By on 2017/01/14 in Albisteak

Arantzatzu Ametzaga idazleak bere azken nobelaren bidez, Agirre Lehendakariaren ihesaldia naziek okupatutako Europan zehar  saiatu da berreraikitzen. Aipatutako eleberriak narrazio erromantiko eta abenturazko liburu baten ezaugarri guztiak ditu. Obraren izenburua Contraviaje da eta ia mitikoa egin den Ekin Euskal Argitaletxean plazaratu da, bere Euskal Kulturaren Liburutegian, alegia, zalantzarik gabe Ametzagaren eleberria bezain ekimen erromantikoa.

Esan dugunez, Contraviaje amodio eta desamodio argumentu baten gainean antolatua dago. Argumentu hori Agirrek bere De Gernika a Nueva York pasando por Berlín (Ekin, Buenos Aires, 1994) kontatu zuen historiaren gainean eraiki da. Protagonista, Julene, New Yorkeko zaharkinen denda batean objektu historiko sail bat topatzen du, antza, Agirrerekin lotura izan duten objektuak, alegia, estilografiko bat eta paper batzuk. Elementu horiei esker, gazte ikertzaileak 1940ko negura salto egiteko aukera izango du, hau da, benetako denboran zehar ibiltzeko pasaportea izango dira. Modu horretaz bi gertakizun nahastuko dira: Juleneren abenturak eta haren atzetik dabilen gazte misteriotsu batena, batetik, frankisten eta haien aliatuak ziren nazien mehatxupean lehendakariaren gorabeherak askatasuna lortzeko, bestetik.

Bi gertakizunetatik interesgarriena, zalantzarik gabe, Agirreren lorratzari jarraitzen diona da.  Ametzaga ez da bakarrik saiatu gertaerak eta paisaiak berreskuratzen; haren asmoa askoz handizalea izan da. Idazleak gizonaren sentimenduetara eta beldurretara hurbiltzen gaitu. Agirre ez da heroi mitiko bat, gizon pobre, gosez jota eta atzean utzi dituen gizon-emakumeez oso kontzientea baizik, Euskal Herrian pertsona asko eta asko, haren proiektuaz sinisteagatik, une hartan espetxeetan, bideen alboetan eta ormetan erakutsi zuten leialtasuna oso garesti ordaintzen ari baitira.

Contraviaje eleberri atsegina da, erraza irakurtzeko. Irakurleak leitzen jarraitzeko erakarrita sentitzen da uneoro. Baina ez da horretan gelditzen. Irakurleak, normalean aipatzen ez diren elementuak mahai gainean jarrita, gertakizun historiko haien gaineko hausnarketaren erdian sentitzen da. Agirre gizatiarrarena ezagutuko dugu, bere psikologia eta ahultasun guztiak kontutan hartuta. Halaber, nobela, egoera hartan Agirreri lagundu zioten diplomatikoei eta enbaxadore amerikarrei eskainitako  benetako omenaldia da. Gizon haietako asko ideologikoki Agirrerekin ez zeuden ados baina hala ere bizitza arriskuan jarri zuten idealista hura nazien atzaparretatik askatzeko.

Beraz, Agirreren tratamenduan oso eleberri berritzailea dugu hau. Agirreren ibilbidea oso berezia izan zen eta, hirurogeita hamabost urte ondoren, Ametzagak orrialde horietatik hura berreskuratzeko gonbitea luzatu digu. Ideia hori azaltzeko liburuaren azpititulua irakurtzea nahikoa dugu: New Yorketik Gernikara Berlinetik igaroz. Hori da protagonistaren bidaia, hain zuzen, eta  Arantzatzu Ametzagaren prosa poetikoari esker guk ere berreskura dezakegu.

Liburua Amazonen bidez eros daiteke.

Fitxa bibliografikoa:
Arantzatzu Ametzaga: Contraviaje. De Nueva York a Gernika, pasando por Berlin. Euskal Kulturaren Liburutegiaren bilduma, 75.zk. Buenos Aires: Ekin Euskal Argitaletxea, 2015. 250 or. ISBN:9780996781008.


 

 

 

Agirre ihes egiteko mozorrotuta.

Harpidetu

Artikulu hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita.

Igo