Euskal Erbesteen Kultura – La Cultura de los Exilios Vascos

Emakume ahaztuak

Liburu kolektibo berri honek, Voces de escritoras olvidados. Antología de la guerra civil española y del exilio, 1936-1939ko erbestealdi kulturaleko emakumearen papera jorratzen du. Carmen Mejía Ruizen zuzendaritzapean eta María Jesús Piñeroren koordinaziopean, sorkuntzaren eta gizarte-aktibismoaren esparruan gailendu ziren hamazazpi emakumeren oroitzapena jorratzen du obrak. Bereak dagoeneko izen ezagunak dira ikasketa-eremu honetan, nahiz eta oraindik ere benetako gizarte ezagutza oraindin-orain urrun izan. Victoria Kent, Isabel Oyarzabal, Concha Méndez, Luisa Carnés, María Zambrano… dira horietan izen handi batzuk.

Liburuaren sarreran honako hau diote liburuaren koordinatzaileek: “Antologia hau osatzen duten emakumeen obran, beste hainbeste herrikide bezala ixilduak, gai errepikariak jasotzen dira: bestearen aurreko bakartzea, nostalgia edo itzuleraren idealizazioa, nolabait, bizitzea egokitu zitzaien une historiko mingarriaren gertaeren traumatikoen sintesia”. Emakume horietako bakoitzaren aurkezpenetatik abiatuta, liburuan haien testuen aukeraketa bat jasotzen da, erbesteak, ihesak eta harrera-herrialdeetan berriz errotu beharrak ekarri zuten sufrimenduaren adibide biziak.

Euskal Herriaren ikuspuntutik, gure elkartean aski ezagunak diren hainbat izen biltzen dira: Maria Luisa Elio nafarra, Cecilia Garcia Gilarte gipuzkoarra eta Ernestina de Champourcin arabarra. Halaber, kolaboratzaileen artean, Mónica Buxeda Hamaika Bideko gure lankidea dugu, bi artikuluren arduraduna: Maria Luisa Elio eta Isabel Oyarzabal.

Zalantzarik gabe, ekarpen interesgarria da hau. Erbesteko ikerketetan funtsezkoak diren izen multzo bat plazaratzen du berriz ere. Liburu hau benetan gizarteratzea eta txalotzea merezi du. Oraindik ere izen asko falta zaizkigun arren.

Joxerra Zabala

Maria Luisa Elio idazle nafarra.

Bibliografia:

– Voces de escritoras olvidadas. Antología de la guerra civil española y del exilio, Carmen Mejía Ruiz zuzendaria, María Jesús Piñero koordinatzailea, Guillermo Escolar Editor, Madril: 2021, 376 or. ISBN978-84-18093-73-9.

Tags: ,

Harpidetu

Artikulu hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita.

Igo